Municipio de Kuartango

Ayuntamiento de Kuartango
Euskera | Castellano
Hasiera | Udalbatzak | Aprikano

Aprikano

aprikano

Ibarreko hego-ekialdean dago lekuturik, Baia ibaiak Portila aldetik Erriberarantz jotzen duen irteeran, Arkamo mendilerroaren (ibarreko hegoaldeko mugan) eta Badaia mendilerroaren (ekialdeko mugan) arteko bide zabal-askean. Igarobide hau betidanik izan da leku estrategikoa ibarreko zaintzarako. Hori dela eta, Baia ibaiaren irteeran beti egon zen gotortuta. Aprikano Portilla ondoan lekuturik dagoen Koartangoko lehen herria da, Baia ibaitik gorantz eta ibar barrenean jada. Antzina-antzinatik komunikazio-gune garrantzitsua izan zen Arabako komunikazioetarako. Urduña alderantz zihoan bide-irteerako zubia oraindik ongi kontserbaturik dago; bost begi ditu, horietariko lauk arku apuntatuekin eta puntu erdiko beste bat. Herriko sarreran, zubi aldetik, ohiko baserri armarridun bat dago; idazkun zahar batek Urduña aldetik zetozenei herriaren izena jakinarazten zien. Koartango aldeko bideak, historiaurreko garaietatik ibiliak, erromatarren garaietan ere erabiliak izan bide ziren. “Aprikano” toponimoaren “-ano” atzizkiak —ibarrean agertzen diren antzeko beste hainbat kasutan bezalaxe—, jabetza pribatu baten existentzia (“fundus” delakoarena) jartzen du agerian, erroan jabearen izen onomastikoa agertzen baita, jabearen izenari erantsitako “-anus” atziskiarekin batera. Kalagorriko Apezpikuaren 1257ko gutunean bertan agertzen da “Aprikano”, izen horretxekin; seguraski honez gero tenplu erromanikoa eraikita egongo zen, ibarreko tenplurik zaharrenetarikoa.

Arkitektura zibilean ere Erdi Aroko hondakin oso interesgarriak eskaintzen dizkigu, etxe armarridunak kasu: Egiluz, Andas, Montoya, Ortiz de Luna eta beste abizen noble batzuk. Aprikanon dorre gotortu bat egon zen, gutxienez 1595.enekoa, Landazuri leinukoen jabetzakoa. Landazuritarrak belaunaldiz-belaunaldi San Joan kaperaz arduratu ziren; izan ere, eurek eraiki zuten XVI. mendean.

Aprikanoko hainbat auzokidek Indietako kolonizazioan hartu zuten parte eta XVI. mendean 19 biztanleraino jaitsi zen bere populazioa. Ehun urte geroago, 1786. urtean, errekorra lortu zuen 75 biztanlerekin. Gaur egun, 1993ko biztanleriaren izendegiak 21 biztanle ditu erroldan.