Municipio de Kuartango

Ayuntamiento de Kuartango
Euskera | Castellano
Hasiera | Udalbatzak | Anda

Anda

anda

Andako Administrazio Batzarra, Anda, Andagoia eta Katadianoko herriek osatzen dute.
ANDA
Baia ibaia Kartangon sartzen den lekuan Anda dago, Ibarreko iparraldean.

Anda bidegurutzea izanik, hiru zubi garrantzitsu zituen. Lehena, “Pila” zubia delakoa, eraitsita dago; bigarrena, “Illunbe” zubia zeritzana, garrantzi handikoa zen Zaragoza eta Bilbo arteko komunikazioetan. Hiru begiko zubi hau trenbideko zubitik metro gutxira dago. Eta hirurgarren zubia, enblematikoena, Andatik kanpoaldean dago, Sendadianoko norabidean, ferra- eta gurdi-bide zaharretan zehar. Puntu erdiko bost begi ditu, eta goian Andako harrobiko harriaz eginiko gurutze bat.

Zubi hauek argi erakusten dute Andak garrantzi handia izan zuela Zuia, Urkabustaiz eta Koartango gurutzebidean. Gainera, Berant Erdi Aroaz geroztik Zaragozatik Bilbora joateko erabiltzen zen bidea ere narmendu beharra dago; Oto Barren eta Oto Goienetik Torturaraino iritsiz, aurrera jarraitzen zuen Bizkaiko lurraldean zehar, Altube ibai-bideari jarraiki, Bilboraino iritsi arte.

Andan ere historiaurreko hondakin garrantzitsuak aurkitzen ditugu. Baiaren ondoan, trikuharri batzuen hondakinak daude, honela deituak: “San Sebastian – iparra”, “San Sebastian – hegoa”, “Gurpide – iparra” eta “Gurpide – hegoa”. Bertako hautuak eta giza hondakinak ugari izanik, interesgarriak dira oso arkeologiaren ikuspegitik (trepanaturiko garezur bat ere badago).

Baso-aberastasunaz gain, Andak badauka beste altxor bat: marmol beltzaren harrobiak, hain zuzen. El Escorial-eko Monastegiko errege-hilobiak, esaterako, marmol horrekin eginak daude.

Anda herriak bi hirigune ditu, bestelakoak biak. Bata San Esteban eliza inguruan eta bestea Sendadianorainoko bidean eta Baia ibaiaren zubi gainean.

XVI. mendearen bukaeran, Andak hamasei auzokide zituen; ehun urte geroago, zazpi biztanleraino jaitsi zen. Gaur egun, 1993ko izendegiaren arabera, 28 biztanle ditu.

ANDAGOIA
Andagoia leku garai batean dago, Koartango iparraldean, “Gaztelu”, “La Llana” eta “Santa Kurutzeko Goialdea” izeneko mendi-hegien artean. Hegi inguruetan bide zaharrak, Izarrara eta Abeziara doazenak. Ilunbe izeneko zubitik (Koartangotik Urkabustaizerainoko ibilbidean errege-bideen gurutzubidea baitzen), bide labur bat iristen zen Andagoiaraino, Baia ibaiaren adar txiki bat bi begiko zubi zahar batetik zeharkatuz. Urkabustaizeko lurrekin muga eginik, dorretxe bat zegoen, Aiala jaunarena seguraski, Karlos I.ari aurre eginez (komuneroen borrokak) suntsitua izan bazen ere. XVI. mendearen lehen erdialdean, Andagoiak Amerikako historiako orrialdeekin bat egin zuen, Pascual de Andagoiaren eskutik, bera izan baitzen Peruko protodeskubritzailea. Pazifiko aldeko lurrak korritzen zituzten espedizioetan hartu zuen parte, Nuñez de Balboa-ren agindupean; geroago, erregeak “San Joan ibaiko aurreratu” izendatu zuen. Andagoian apaiz jakintsu batzuk bizi izan ziren; Martin Martinez de Andagoiaren kasuan, esaterako, aipatzekoa da, 1506an Julio II.a Aita Santuari induljentzia garrantzitsuak eskatu baitzizkion Andagoiako Santa Maria elizarako, bai eta lortu ere.

1257an, “Andagoyen” tokizena agertzen zen Aznar artzapezpikuaren gutun batean. XVI. mendearen bukaeran, Andagoiak hogeita hamar auzoko zituen. Orduko hartan, herriko jendeak ia-ia euskaraz baino ez zuen egiten. Mende bat geroago, herriak biztanle-kopururik handiena erdietsi zuen: 152 biztanle. Garai hartan Andagoian hiru kapare-etxe, sei eskulangile, bost ehule eta jostun bat bizi ziren. Gure mendearen hasieran, Andagoiak 110 biztanle zituen, eta azkeneko izendegian, 1993koan, 35 biztanle eskubidedun baino ez ziren guztira.

KATADIANO
Katadiano Badaia mendilerroaren oinean dago. Oto eta Katadiano arteko bideak mugimendu handikoak izan ziren Erdi Aroan, Zaragoza-Bilbo ibilbidean. Ibilbide hau Biasteri aldetik sartzen zen Araban, eta Villafria, Trebiño, Lapuebla, Langraiz Oka eta Oto zeharkatu ondoren, Katadianoraino iristen zen Zuia, Orozko eta Miraballes elkarrekin lotuz. Horregatik, Katadianon zubi enblematiko bat egon zen, “Marubay” izenekoa, eta izen bereko benta bat. “Marubay” zubia Arabako komunikazioetan garrantzitsuenetarikoa izan zen XVIII. mendean. Hiru begi eta ehun eta hogeita sei oineko luzera zituen. Zubi honek oraindik zutik dirau trenbidearen eta autobidearen arteko bidegurutzean, Baia ibaian behera Katadiano aldetik. Baia ibaiaren gainetik badago beste zubi zahar bat; honako hau herriaren sarreran dago, eta trikuharri asko dagoen leku batean hasten da: San Joan izeneko zubia da. Katadianok larre eta belardi oparoak zituen, eta inguruko beste hainbat herrirekin elkartuta, Koartangoko ledaniarik garrantzitsuenetako bat sortu zuen.

1257an “Gatadiano” izenarekin agertzen zen, eta 1556rako “Catadiano” izenarekin, ordurako 30 biztanle zituelarik. Katadianoko parrokia Kexaako lekaimeen mantenuaz arduratzen zen, 1380ko errege-agindu bati jarraiki, eta halaxe jarraitu zuen XIX. mendea ondo hasita izan arte. Garai hartan, hirurogei biztanle zituen. Une horretatik aurrera, egunotaraino iritsi den biztanleriaren beherakada hasi zen. 1993ko izendegiaren arabera, sei biztanle baino ez ditu gaur egun.