Municipio de Kuartango

Ayuntamiento de Kuartango
Euskera | Castellano
Hasiera | Udalbatzak | Etxabarri-Kuartango

Etxabarri-Kuartango

echavarri

Etxabarri-Kuartangoko Administrazio Batzarra Etxabarri-Kuartango eta Torturako herriek osatzen dute.

ETXABARRI-KUARTANGO
“Badaia mendilerro bipila”ren hormatzar orografikoaren oinean lekuturik dago, Koartango alderantz jaitsiz. Oto Barren eta Oto Goieneko bideak katadianoraino iristen ziren Torturan zehar (edota Eskolunberaino, Arneten zehar); Etxabarrira eta Urbina Ezara jaisten zirenak, berriz, “Portilla”raino iristen ziren hegoalderantz. Badaiatik Etxabarriraino jaisten ziren bide-zidorretan historiaurreko aztarna ugari gelditzen dira, ibilbide hauek milaka urtetan izan duten mugimendua frogatzen dutenak. Mendilerrotik jaitsi ahala, basorik gabeko lurra agertzen zaigu gaur; agiri zaharren arabera, ordea, garai batean harizti-lurrak ziren hauek, eta honelaxe jartzen zaigu agerian han-hemenko toponimoetan (“Harizti-Barne”, kasu). Bidegurutze garrantzitsua izanik, egon ziren Etxabarrin zubi zahar bat, benta bat eta San Antonio Abad-en omenez (mandazainen zaindaria) altxatutako ermita bat. Zubia Sendadianorako bidean dago, gaur egun errepide bihurtuta, eta 1764koa da. Baia ibaiko uretan gora, zubitik ez oso urrun, errota hidrauliko bat egon zen.

Etxabarri egungo izenarekin agertzen zen 1257an, Aznar Gotzainaren gutunean. Urte hartan, Santiagoko eliza erromanikoa ordurako zutik zegoen.

1556an Etxabarrik zortzi biztanle zituen, eta mende batez gutxienez bere horretan iraun zuen. 1786an, berriz, 60 biztanle zituen, haien artean zirujau bat eta ferratzaile bat. XX. mendeko lehen hamarkadan 49 biztanle ziren; eta 1993ko izendegiaren arabera, 20 biztanle baino ez.

TORTURA
Badaia mendilerroaren oinean, Tortura dago. Aldapa piko malkartsua izan arren, bide bat —historiaurretik erabilia— jaisten da mendilerrotik Torturaraino. Zaragoza eta Bilbo arteko zatian dago, XVII. mendeaz geroztik ezaguna zelarik. Mendilerroaren oinean kokaturik zegoenez, Tortura “Badaia Mendilerro Bipilaren Komunitatea”ren kide zen; aipatu komunitatea larreak eta basoak administratu eta aprobetxatzeaz arduratzen zen. Torturan “barruti biribil” bat egon zen, “jauregia, etxea, larraina eta baratzea” zituena, baita Santo Tomas eliza ere (geroago baseliza izango zena). XVI. mendearen erdialdean, barruti hau on Juan de Guevararena zen.

1257an “Tortum” izenarekin agertzen zen, Badaiatik bertaraino zeramaten bide bihurrien adieratik (“tortuoso” erdal terminotik) hartuta. 1556an 12 bizilagun zituen, mende bat geroago zazpi. XX. mendearen hasieran, herrian 25 biztanle bizi ziren.

Bertako eliza Erdi Aroko (XIII. mendeko) eraiketa dotorea da, harlanduxkoz eta harlangaitzez egina. Portada mendebalderantz dago eta apaindu gabeko lau arkiboltaz eta arkugaineraz apuntaturiko arkua da. Kanpandorrea kanpai-horma dotorea da, harlangaitzez egina, kanpaiko arkuak arinki apuntatuak dituelarik.