Municipio de Kuartango

Ayuntamiento de Kuartango
Euskera | Castellano
Hasiera | Udalbatzak | Jokano

Jokano

jocano

Vadillo ibaiaren bokalean, ekialdeko bailaran, Jokano dago, Baia ibaiarekin elkartzen den lekutik oso hurbil. Beraz, Ibarreko biztanleentzat hil edo biziko ardatz ziren bi bailaren arteko lotgunea izanik, Jokanok bere kokapen geografikoari zor dio garai bateko ongizate ekonomikoa. Horrez gain, Jokano inguruetan, gizakiaren lekukotasuna ematen duten milaka urte dituzten hondakinak daude. Jokano hego-ekialdean, “Solacueva” izeneko lekuan, mendiko haitzulo batean aurkitutako historiaurreko aztarna interesgarriak agertu dira. Brontze-Aroko horma-irudi eskematikoak eta hezurrezko eta metalezko tresnak dira. Horrez gain, erromatarren garaiko hondakinak eta Berant Inperioko txanponak ere agertu dira. 1257 urtean izen horrekin agertzen zen, eta ordurako bertako eliza ibarreko elizen artetik gailentzen zen, oraindik kontserbatzen dituen bere erromaniko eta bere protogotikoagatik.

1556an Jokanok 30 biztanle zituen; 1682an, berriz, biztanleria 14raino jaitsi zen. XX. mendearen hasieran, Jokanok 106 biztanle zituen; eta azken izendegiaren arabera, 30 biztanle ditu gaur egun.

Elizako erretaula platereskoa nabarmendu beharra daukagu; bere garaian 200 erreal balio izan zuen eta Mendozatik ekarri zuten. Mendozako San Martin eliza desagertuaren zati zen erretaula hau; eliza zaharra eraitsi arte, presbiterioko harmailetan, lehen Mendozatarren hilobiak kontserbatu ziren (Santillanako Markesen eta Infanterriko Dukeen gurasoenak —Mendozako Dorretxearen eta Arabako lursail zabalen jabeenak— hain zuzen). Horrenbestez, 200 errealen truke, Mendoza leinuetxe boteretsuari (tenplu eta jauregietan arte-lan baliotsuen sustatzaile zenari) loturiko erretaula eskuratu zuen Jokanok.