Municipio de Kuartango

Ayuntamiento de Kuartango
Euskera | Castellano
Hasiera | Udalbatzak | Luna

Luna

luna

Lunako Administrazio Batzarra, Luna, Villamanca, Gilarteko eta Artxua herriek osatzen dute.

LUNA
Ibar mendebaldean dago, Gibijo mendilerrorantz aurreratuta, Burgoseko Losa eskualdera daramaten mendi arteko bideetan. Mende luzeetatik Luna herriak “Lunako ledania” izena eman dio inguruetako mendi eta larre komunitateari (Lunarekin batera, Arrianok, Artxuak eta Gilartek osatzen dutenari). Lunan ermita bat egon zen, “San Joan Korkuerakoa” zeritzona; gaur egun desagertuta badago ere, tradizio historiko handia zeukan. Korkueran, X. menderako bazeuden oinetxe bat (bere barruti biribilarekin) eta eliza txiki bat (monastegikoa), seguraski bertako jaunei atxikia, Urbina Basabeko San Pedroko eliza bezalaxe. Erdi Aroa bukatzear zegoela, Korkuera oinetxea finkatuta agertzen zen “barruti biribila” gisara, Urbina-Basabe leinuetxeko jaurerrien barruan. XV. mendearen hasieran, Urbina-Basabe eta Korkuera leinuetxeak batu egin ziren, Pedro Ortiz Urbina Sancha de Corcuera andrearekin ezkonduta; geroago, XVI. mendean, Egiluz leinuetxea ere batu egin zitzaien, ibarreko lekurik onenetan ongi finkaturiko leinua sortuz. Jatorriko etxea Urbina Basaben egin zuten. Horrenbestez, Urbinatik, Marinda gailurrari inguratuz, Gibijoko bideek Korkuerara eta bertako barruti biribilera zeramaten. Urbinatik hasita ere baziren beste bide batzuk, Gilartetik Urkabustaizera zeramatenak; eta Uzkianotik jaitsita, Egiluztarren dorretxeraino iristen zirenak. Abornikanotik abiatuta, berriz, Urkabustaizetik aurrera eginez, bazegoen beste bide bat, Zuiaraino iristen zena; hantxe zeuden Lasarteko dorretxea eta barruti biribila, Egiluztarren “lehenbiziko kokalekua eta jatorria”. Beraz, Urbina Jauna aldi berean bazen Korkuera jauna, Egiluz jauna (Astobitzan) eta Lasarte jauna (Bitorianon).

Lunan beti bizi izan zen jendea. 1156an 18 biztanle zituen; mendebete igarota, beste hainbat. XX. mendearen hasieran, 57 biztanle zituen; Eta azkeneko izendegian, 20.

ARRIANO
Arriano Luna hego-mendebaldean dago, Vadillo ibaitik gorako urei jarraiki hasten den ibilbide naturalean, Arkamo eta Gibijo mendilerroen artean, urak Arriano aldean mendebaldetik ekialdetik jaitsi eta, Jokano pasata, Baia ibaiko urekin bat eginez. Lunako ledaniatik Arrastia, Urduña eta Urkabustaizeraino doazen igarobideak, eta Lacozmonte eta Goi-Gaubearaino doazenak ere, Arrianon daude. 1257an “Arreguiano” agertzen zen Arrianoren ordez. Mende honen hasieran 24 biztanle zituen; eta 1993ko azken izendegian, hamazazpi.


San Roman parrokia, adreiluz eta harri-hormaz egina, landatar eitekoa da eta elizarantz mendebaleko hegitik jaisten den bide ondoan dago, alaka itxurapean. Berant Erdi Aroko portada arku zorrotz eta dobelaje landu banaz erremataturik dago. Oinplanta angeluzuzena da eta burualde zuzena dauka. XIII. mendeko leihate erromanikoak eta bataiarria ditu (bataiarriaren kopa apaingarriz mukuru agertzen da). Erretaulan, Kristo Gurutziltzatuaren irudi gotiko bat, XIV. mendekoa, hiru iltzerekin eta jarrera jakin batean, berant gotikoen kristo-irudien tipologiari erantzuten diotenak. Ezkerraldean “Andra Mari” motako irudi interesgarri bat, Berant Gotikokoa, tonu arkaikoa badu ere.

GILARTE
Leku hau Lunako ledeaniaren zati bezala agertzen zen, “Guibigioarrate” izenarekin 1257an. Lunako ledanian, Gibijo inguruko hegoaldeko mendietan (ibarrean ez ezik, Arkamoko mendiez harantzago mugakide dituen eskualdeetan ere), jaiera handikoa den baseliza bat dago. Hirutasun Santuari sagaraturik dago eta komunikazioetarako leku ezin hobeago batean altxatzen da, mendilerroan zehar Untzagaraino eta Urkabustaizeraino heltzen baitziren bideak. Baseliza zuzenean zaindu eta administratzeko ardura Gilarteri zegokion.

1556an, Gilartek 10 biztanle zituen; 1786an bazituen 66, haien artean ferratzailea, apaiza, klerigoa eta hiru kapare-familia. XX. mendearen hasieran, 13 biztanle zituen, eta 1993ko azken izendegian, 7 biztanlerekin agertzen da.

“Hirutasuna” baseliza leku ezkutu batean dago, mendi-tontor malkartsuen artean, Gibijo mendilerroaren inguruko mendietan. Hegi baten hegoaldean egindako kobazulo baten hasieran egindako eraiketa da, harri-hormaz egina. Barruan iturburu bat sortzen da, urak baselizatik kanpora isurtzen zaizkionak, lurrazpitik behin atera eta gero. Handik oso hurbil etxe bat dago, urrutiko herrietatik askotan iristen zen jendeari aterpe ematen ziona, antzina-antzinatik. Agirien arabera, erromesak aterpetzeko eduki beharreko tresna guztiez horniturik zegoen etxe hau.