Municipio de Kuartango

Ayuntamiento de Kuartango
Euskera | Castellano
Hasiera | Udalbatzak | Marinda

Marinda

marinda

Marindako Administrazio Batzarra, Marinda, Villamanca, Santa Eulalia , Urbina Basabeko eta Iñurrita herriek osatzen dute.

MARINDA
“Marinda mendia”, 980 metrorekin, Koartangoko paisaiari nagusitzen zaio, ibarrarraren erdialdean bertan. Hegoko hegian aurri-egoeran dauden etxeak azaltzen zaizkigu, elizako hondakinekin batera (gaur egun bertan ez da inor bizi). Marinda izen bereko “ledania”ren buru zen; “Beheko ledania” ere deitzen zitzaion, “Goiko ledania”rekin (Lunakoarekin) kontrajarrita. Beheko ledania honen barruan, Marindaz gain, honako herriak ere sartuta zeuden: Santa Eulalia, Urbina Basabe eta Villamanca.

1556an, “borumburu y marinda” titulua aipatzen zen Marindari buruz hitz egiterakoan, eta orduko hartan hogei biztanle zituen; mende bat geroago, berriz, lau baino ez zituen. XIX. mendean, errolda 44 biztanleraino igo zen, eta hori bera izan da kopururik altuena, XIX. mendeak 18raino jaitsi baitzen, eta 1912. urterako biztanle bakarra ere ez zuen. Gaur egun, Marindan pertsona bat baino ez da bizi.

VILLAMANCA
Koartangoko ibai ertzetan altxatutako herri eta barruti izenen artean, gugana heldu diren toponimoetariko bat Villamanca da. Antza, leku horretan villa erromatarren bat egon zen, eta bertako lurrak lantzetik bizi ziren bertakoak. Villamanca, Arkamo iparraldeko hegian kokatuta eta Gibijo mendilerroaren hegoaldeko ertzak begi-bistan dituela, Marindako ledaniaren barruan sartuta zegoen.

1257. urterako, “Villa manca” izenaz agertzen zen. Erromanikoaren edertasunak eta elizaren zabalak oparotasun- eta aberastasun-egunak dakarzkigute gogora, eraiki egin zuteneko egunak. 1556an hamar bat biztanle zituen, mendearen bukaeran biztanleria erdiraino jaitsi bazen ere. XX. mendearen hasieran, 15 biztanle zituen erroldan; eta azkeneko izendegian, 12.

Santiago eliza XII. mende bukaerakoa da. Barruan hiru hilarri daude, ebakerazko motiboekin dekoratuta. Harri beltzeko hilarri monolitikoak dira, elizako zoladura egiteko erabiliak. Handiena 2,36 x 1 m-koa da eta aldarearen oinean dago, bi eskudete dituela; batean San Pedroren giltzak agertzen dira gurutzatuta, eta bestean San Andresen gurutzea. Kanpai-horma dotore eraikita dago harlanduskoa erabiliz; Koartangoan ohikoak diren kanpai-dorreen antzekoa da, eta XVI. mendeko lehen hamarkadetan data daiteke.

SANTA EULALIA
Marindako Ledania”n kokatua, “Santa Eulalia” hagiotopononimoak lekuaren egoeraren berri ematen digu; izan ere, izendegi hispaniarrak, bisigotiko/mozarabiarrak, indar eta hedadura handia zuen kristautzeko bidean zeuden inguruetan, liturgian eta lur horietako tenpluen izendapenetan eta patronatuetan. Santa Eulalian bi herrigune daude. Biztanlerik gehien dituena da ibai ondoan kokatuta dagoen auzunea, Baia ibai ondotik doan Arrianako errepidea ardatz hartuta (lehen “errege-bidea” ere deitua). Gorago “elizako auzunea” dago; hortik hasita antzinako bi bidexka abiatzen dira, Arkamo mendilerroa igarota, Artatza eta Barboaraino iristen direnak. Beheko auzunean —mugimendu handiko bidegurutzea mende batzuk lehenago, eta gaur egun bidexka huts bihurtuak—, Ondokolandako bentak zeuden, ospe handikoak ibar osoan, jendeak eta bideak hantxe batzen zirelako. Ondokolandan eskritura publikoak egiten ziren XVI. mendetik XVII. mendearen aurreko urteetara bitartean. Gaur egun, elizako auzunean ia-ia ez da inor bizi; bitartean, inguruetako bizitza errepide ondoan garatzen doa, antzinako errege-bidean alegia.

1257an “Sca Olalia” izenaz agertzen zen eta bederatzi biztanle zituen; 1682an, zazpi baino ez ziren. Gero, XX. mendearen hasieran, guztira 51 biztanle zituen; eta azkeneko izendegian, 22 biztanle agertzen ziren Santa Eulaliako erroldan.

URBINA-BASABE
Urbina Basabek Marindako ledanian hartzen zuen parte. Vadillo ibaiak sortzen duen Koartango ibarraren erdi-erdian dago. Hasiera batean, oinetxe bat izan zen eta barruti biribila ere bazuen. Oinetxeak jatorri nobleko kokalekuak ziren, eta bertan bizi zirenak lurralde txiki batean antolatzeko gai ziren: okupaturiko lurraldean nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapena zuzentzen zuten eta biztanleen bizitza espiritualaz arduratzeko gai ere baziren.

Beti izan zen biztanle gutxiko herria. 1556an “Horbina” izenaz ezaguna zen bertako parrokia, eta zazpi biztanle zituen; 1590rean, berriz, 3 baino ez ziren gelditzen. 1599an izurriaren ondorioak jasan zituen, agirietan azaltzen den bezala. XIX. mendearen hasieran zazpi biztanle zituen; XX.aren hasieran, hogeita bat; eta gaur egun, biztanle bakarra.