Municipio de Kuartango

Ayuntamiento de Kuartango
Euskera | Castellano
Hasiera | Udalbatzak | Sendadiano

Sendadiano

sendadiano

Baia ibaiaren erdi-erdian dago; bere kokalekuari esker, Koartango iparretik hegora zeharkatzen zuen bidetik (gaur egungo errepidetik) hurbilago zegoen Sendadiano. Bestalde, Yartos eta Marinda mendien hegietan kokatuta zegoenez, mendi horiek inguratuz Gijiboko San Antonio eta Hirutasuna delako baselizekin eta Urkabustaiz, Arrastia, Urduña eta Lozarekin komunikatzen zuten bideak hortxe bertan zituen, horiek zuzenean lotuz. Bide zahar batek —auzo-bidea gaur egun— Sendadiano eta Jokano elkarrekin lotzen zituen Vadillo eta Baia ibaiek bat egiten duten lekuan. Baia ibai-ertzetako goragune batean gailentzen da Sendadiano. Bertako etxebizitzak Erdi Aroko elizaren inguruan pilaturik daude —belardian sakabanaturiko baserriei nagusitzen zaizkien eliza horretxen inguruan—. Baiaren ondoan egonik, Sendadianok hiru arkuko zubi bat izan zuen antzina-antzinatik, ibarreko komunikazioetarako garrantzi handikoa zelarik. Bi errota hidrauliko ere izan zituen.

1257an gaur egungo izenarekin agertzen zen eta 1556an 40 biztanle zituen. Ordurako San Vitores baseliza eraikita zegoen. Mende bat geroago, biztanle-kopuruak beherakada nabarmena izan zuen, 15 biztanleraino jaitsi baitzen. 1786an, Sendadianok 83 biztanle zituen, denak laborariak (jostun bat izan ezik). XX. mendearen hasieran 70 biztanle zituen, eta 1993ko izendegiaren arabera, 22 biztanle zituen erroldan.