Municipio de Kuartango

Ayuntamiento de Kuartango
Euskera | Castellano
Hasiera | Udalbatzak | Zuhatzu-Kuartango

Zuhatzu-Kuartango

foto del río

Zuhatzu Koartango udalerriko hiriburua da. 79 biztanlerekin, ibarreko herrigunerik populatuena da gaur egun. Auzuneen bilakaera ulertzeko, Erdi Arotik gure egunotaraino inguruotan izan diren aldaketak kontuan eduki beharra dago. Badaia mendilerroak bat-batean behera egiten duen lekuan kokaturik zegoen herrixka primitiboa. Kokalekuak hartzen zuen hegitik ederki bistaratzen ziren Koartangoko bi ibarren abiagunea; izan ere, Erdi Aroan hortik baitzihoazen biderik eta bide-zidorrik garrantzitsuenak, Zuhatzuko gaur egungo auzuneetaraino iristen direnak. Herriko lekurik garaienean Zuhatzuko eliza erromanikoa eraiki zuten XIII. mendean; eskualdeko berezienetariko bat da. Arestiagoko garaietan izandako beste hainbat arrazoi tarteko, gora egin zuen Zuhatzuko biztanleriak; hain zuzen, Bilbo-Tutera trenbidean geraleku bat eraiki eta bainuetxe bat zabaldu baitzituzten.

Zuhatzu XIII. mendeaz geroztik gutxienez existitzen da. 1556an 38 biztanle zituen eta herri aberatsa zen. 1786an 71 biztanle zituen, haien artean bi ehule. XX. mendearen hasieran, 82 biztanle zituen; eta azken izendegiaren arabera, izatezko 70 eta eskubidezko 79 biztanle ziren.

San Pedro elizan, bataiarria nabarmendu behar dugu. Koartangoko erromanikoaren adibiderik ederrenetarikoa da, Aprikanoko eta Marindako bataiarriekin batera multzo txit interesgarria osatzen duelarik (hirurek oso ezaugarri antzekoak dituzte eta). Elizako kanpai-dorrea eraikitzeko erabilitako materiala aipatu behar da jarraian, Erdi Aroko hileta-harlauzak erabili baitzituzten horren eraiketan. Elizako Kristo Gurutzifilkatua ere aipatzeko modukoa da —gotiko garaiko tailu eder-ederra—; 1991n agertu zen, eliza zaharberritzen ari zirela. XVII. mendearen bukaeran, Erdi Aroko tailuak “itsusi eta barregarri”tzat jotzen hasi zirenean lurperatu egingo zuten segurki, garai hartako perfekzio neoklasikotik arras urruntzen baitziren.